Zer dugu euskaldunok behar?

Eguberria gaur. 2010. urtea ia bukatzear dago, eta oraindik aurtengoa ‘Itxaropenaren urtea’ bezalakoa ezagutukoa dela uste dut. Gabonetako egun hauek etxean, Donostian, pasa ditut. Jendearekin hizketan egon naiz, ETAren bukaera, maiatzeko hauteskundeak, Partiduen Legea, eta gainontzeko gaiei buruz.  Honetaz aparte, Alain Touraine-n modura, kalean ‘eseri’ eta jendeari begira egon naiz. Azaroan El Follonerok egindako ‘ikerketa’ egitea benetan gustatu zitzaidakeen, baina ezin.

Nire inpresio kontrajarri guztien gainetik, kezka bat nabarmentzen da. Euskaldunok gure ‘kontu’ honekin nazkatuegi gaudela beldur naiz. Urte gehiegi daramagu ETAren ‘problema’ honi konponbidea bilatzen. Aukera dexente izan ditugu iraganean, eta guzti-guztiek egin dute porrot, Euskal Herriaren ezbeharra gizenduz eta gu denon nekea handituz. Nire kezka hauxe da: Urte batzuk barru, bakearen tranzisio honetan gizartearen papera garrantzitsua ala baliogabekoa izan zela esango al dugu? Jakin ez dakigu zeintzuk ari diren hizketan eta zeintzuk hitz egin behar duten etorkizun labur batean, baina kontua niretzako hauxe da: Zer eskatuko du gizateak? Zeintzuk defendatuko dituzte giza eskubideak senidetutako euskal gizarte berrian? Nabarmenduko al dute solaskideek gizartearen presioa?

Momentuz ez du ematen gizartearen ahotsa soinu handirik egiten ari denik. Egun batzuk gehiago ditut Donostin oraindik. Ea nire iritziak konfirmatu edo nolabait moldatzen diren.

Itxaropentsuago ala nekutuago sentizen al zara? Zure ustez, zer dugu behar bakea eta benetazko askatasuna gauzatzeko? Hemen eskaintzen dizugu iritzi librea islatzeko aukera. Aprobetxatu ezazu!

Koldo Casla

Eskubideak Testuinguruan

This entry was posted in EUSKARAZ, Itxaropena and tagged , . Bookmark the permalink.

One Response to Zer dugu euskaldunok behar?

  1. Bizilagun says:

    80. hamarkadan jaioa, ume moko bat besterik zela zarata nabarmentzen zuen inguruan. Alde bateko eta besteko manifestaldi eta aldarrikapenak: presoak gora, presoak behera, amnistiak, bahiketa eta hilketen aurkako protestak…

    Garai ilunak baino, garai grisak ziren horiek. Trantsizio garaiaren ondorengoak edo, hamar urte eskas 1978ko Konstituzioa indarrean jarri zela, Eusko Autonomia Erkidegoko autogobernua bazihoan ttirriki – ttarraka, historian lehen aldiz legebiltzar amankomun bat Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat, Polizia propioa Eusko Autonomia Erkidegoko lurraldeentzat…

    Hori guztia, ikuspuntu politiko batetik. Baina zer susma zezakeen 80. hamarkadan ume moko batek bere inguruan?
    Aita Ertzaintzan, lehen promoziokoa alajaina, bere aitaren lanbidea ezin zuela eskolan edo kalean aipatu. Hori esana zion Amak.
    – Zertan egiten du lan zure aitak?
    – Ertzaina da.
    – Zipaioa?

    Hurrengo egunean.

    – Zertan egiten du lan zure aitak?
    – Mekanikoa da.

    Mekanikoa. Baina mekaniko ez-enpresaria esan beharko, badaezpada ere!

    Kotxez edo bizilekuz aldatu beharra, “bilatzaile” edo “busca” (orduan ez zen telefono mugikorrik) beti sakelean, edozein momentutan jaso zezakeen abisua aita mekanikoak. Goizeko ordubietan mezua: “zure lankidea, zure lagun hori, lehen promoziokoa, hil egin dute”.

    Mekaniko bat gutxiago. Leaburukoa.

    Mekanikaren gora beherez gain, mutikoak beste gauza berezi batzuk ere ezagutu zituen. Urtebetetzean gurasoek “Atlas” edo mapez betetako liburu bat oparitu zioten eta zera otu zitzaion, herrialde bakoitzetako mapak eta hiriburuak ikastea.

    Mutikoak geografiari gustoa hartu zion eta baita herrialde bakoitzak duen bandera bakoitza ikasteari ere. Horrela, bada, eskolan marrazki bat egiteko aukera eman ziotenean bandera handi eta koloretsu bat marraztu zuen, lehen bururatu zitzaiona, noski.
    Mutikoa etxera joan eta harro – harro amari erakutsi zion marraztutakoa. Ama izerditan.

    – eee… oso polita da, maitia…baina badakizu beste bandera bat ere badaukagula…
    – Baina ama, mapan jartzen du…
    – Badakit, maitia, mapan jartzen duela, baina…
    – 87. orrialdean, Ama.
    – Bai, baina…

    Mutila burugogorra zen, gero! Hala ere, azkenean izan bazen ere, amaren lasaitasunareko, mutikoak marrazkia aldatu zuen.

    Beraz, “Korrika” ekitaldia herritik pasa zenean mutikoak bere kartela harro – harro eraman zuen ikurriñarekin, hasieran intentzio guztiarekin marraztu zuen bandera espainolaren ordez.

    2011n sartzera goaz aurki. 80. harmakadako ume moko hori jada hogeitapiko urteko gazte bat da eta oraindik indarrean dirau txikitatik bizi izan zuen horrek. Mutiko zen gazte honek bere ikasketak egin ditu, krisiaren zailtasunak bizi ditu, beste edozein euskaldun, espainol edo europarrek bezala, eta lanean buru – belarri dihardu, neskalagunarekin duen hipoteka aurrera ateratzeko.

    Nola aldatu diren gauzak 80. harmakadatik! Windows-ak bata bestearen atzetik; telefono mugikorra, lehen Nokiatik egungo LG-ra; TDT-a eta telebista digitalak; Tamagotchi-tik I-Phone-era; sare sozialak, Interneteko deskargak; Garaikoetxea, Ardantza, Ibarretxe eta Patxi López sozialista; 11-S eta 11-M, Berlin-eko harresia botatzetik Irak-eko inbasiora…

    …baina euskal gizartearen monotona hor dago oraindik. Indar guztiarekin eginda ere joan nahi ez duen orban zikin eta malapartatu bat bailitzan.

    Gaia berriz ere mahaigaineratu beharko genuke? Azalduko al dira Lizarra, Arjel edo Loiolako mahaira azaldu behar dutenak?
    Horietako bat gaur Madrilera doa. Erasmus-en ezagutu zuen bikotea eta face book bidez geratu dira zezenetara joateko.

    Bestea, berriz, herriko festetan da. Urtean behin dira, kuadrilako eguna, poteoa, ezin ditzake galdu.

    Hirugarrena “paroa” seilatzera doa, bestela dirulaguntza kenduko baitiote.

    Asmatu ezazu zein sentsibilitate politiko ordezkatzen duen bakoitza.
    Ni seguru nago hirurek nahi dutela orban hori behin betiko ezabatu. Baina eurentzat lehentasuna duten beste kontu batzuk dituzte esku artean.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s