Manikkalingam jauna, zeintzuk dira giza eskubideen alde onak eta txarrak Euskadiko “gatazkari” buelta emateko?

Duela urte erdi, 2011ko urriaren 20an, ETAk su-etena iragarri zuen. Irailaren bukaeran, Kolektibo ezberdinen gonbidapenari jarraiki, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea (NEB) sortu zen, nazioarte mailako adituz osaturikoa. NEBaren web gunearen arabera, batzorde honek ez die gai politikoei helduko: “Su-etenaren egiaztatzeari bideratuta dagoen betekizun teknikoa du NEBak. NEBko kideak bake-prozesutan, polizia-lanetan edo inteligentzia zerbitzuetan duten eskarmentu zabalarengatik aukeratuak izan dira”.

Nahiz eta bere burua teknikari taldetzat hartu (edo hori aitortu behintzat), NEBren lana handik haratago joaten ari dela esango nuke nik, batez ere Harremanetarako Nazioarteko Taldea ezker abertzaletik gero eta hurbilago dagoelaren sentsazioa areagotzen ari denez gero. NEBak berak honela deskribatu izan du Brian Currin eta bere lankideekiko erlazioa: “Euskal Herriko egoerari heltzeko orduan, alderdietako batean zentratu ziren alderdi honen aldaketa lortzeko asmoz, eta horrek alderdikeriaren hautematea ekarri zuen. Arrazoi hauengatik, su-etena egiaztatzeko aukera ikastea eskatu zieten Batzordeko kideei”.

Azken hilabeteotan, NEBa Euskal Herriko hainbat eragilekin izan du harremana. Gauzak horrela, maiatzaren hasieran Batzordeak ETAren “mezua” jaso duela adierazi zuen “ETA prest” dagoela “prozesua egonkortzeko gai praktiko batzuen inguruan hitz egiteko” esanez. Espainiako gobernuak ez zuen sorpresarik eman: zilegitasuna ukatu zion bai Batzordeari eta baita ETAren ustezko mezua edo eskaintzari ere; ETAk baldintzarik gabe desegin baino ez luke egin beharko. Gaur bertan ETA, France Press agentziaren bitartez, Espainia eta Frantziako gobernuei “gatazkaren ondorioak gainditzeko (…) elkarrizketa zuzenak abiatzeko ordezkaritza izendatu duela” jakinarazi die. Espainiako Gobernuak dagoeneko erantzun du ezezkoari eutsiz. Lehendakariak eta EAJk ere politika elkarrizketa mahaitik kanpo betirako uzteko exijitu diote ETAri.

Duela urte batzuk, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen bost kideetako bat den Ram Manikkalingam-ek, “Bakea Sustatuz eta Eskubideak Babestuz: Nola dira Giza Eskubideak Onak eta Txarrak Gatazka Konpontzeko?” izeneko artikulua idatzi zuen (“Promoting Peace and Protecting Rights: How are Human Rights Good and Bad for Resolving Conflict?”, Essex Human Rights Review, 5. bol., 1. zk., 2008). Testu hartan, beste gauzen artean, Manikkalingam jaunak honako hau esaten zuen:

Giza eskubideek ikuspegi partekatu eta neutral bat sor dezakete kontrajarriak dauden eskaerei irteera bat aurkitu ahal izateko, alderdi ezberdinak botere politiko eta militarraren arrazoibide sinpletik kanpo ateratzen lagunduz eztabaida irabazteko eta beraien eskaerak hornitzeko arrazoi eta argibideak eman ahal izateko.

A human rights approach can provide a common and neutral framework for working out competing claims by helping parties to move away from simple assertions of political or military power as a way of winning the argument and towards providing reasons and explanations for their demands.

Haatik, testuaren izenburuak aurreratzen duen bezala, Manikkalingam jaunaren aburuz, giza eskubideak oztopo ere izan daitezke gatazka bati irteera aurkitzeko. Besteak beste, bere iritziz, giza eskubideen hizkuntzak alderdien arteko konfiantzaren berreskurapena zailago egin dezake, batez ere alde bakoitzak egindako bortxaketak kualitatibo eta kuantitatiboki oso ezberdinak direnean. Giza eskubideek mugikortasun estrategiko txikia eta zigorgabetasunaren arriskua (giza eskubideak versus bakea dikotomia) ere hartzen ditu Manikkalingamek alde txar bezala.

NEBa lan tekniko hutsa baino zer edo zer gehiago egiten ari denez, egokia litzateke, nire ustez, Manikkalingam eta Batzordeko beste lau kideek Euskal Herriko “gatazkari” buelta emateko giza eskubideen papera zein izan behar duen esango balute. Horrek argituko luke ez bakarrik Batzordearen lanaren nondik norakoak, baizik eta gu askoren hautematea Batzordearekiko.

Koldo Casla

@koldo_casla

This entry was posted in EUSKARAZ, Itxaropena and tagged , , . Bookmark the permalink.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s