Ipar Irlandako “Arazoek” Westminsterrekin zerikusirik ez zutela zirudien

Erresuma Batuko Parlamentuak mahai gainean dituen lege proposamenen artean Ipar Irlandari dagokion bat dago. BBCren laburpenaren arabera, lege proiektu honek Ipar Irlandako politika eta instituzioen lanean aldaketa tekniko batzuk proposatzen ditu. Alderdi politikoei egindako dohaintzen gardentasuna hobetuko du eta ordezkari politikoei aldi berean parlamentu ezberdinetan (Irlandakoa, Erresuma Batukoa eta Ipar Irlandakoa bera) parte hartzea debekatuko die. Ipar Irlandako hauteskundeetan ere aldaketa batzuk dakar.

Herenegun, Londresen nengoela, 81. kanala jarri nuen telebistan, BBC Parliament hain zuzen. Momentu horretan bertan ari ziren Ipar Irlandari buruzko lege proiektuari buruz hizketan osoko bilkuran. Komunen Ganbara ia hutsik zegoen, baina horrek ez ninduen batere harritu, maiz gertatzen da eta. Izan ere, ganbarak berak ez du eserleku nahikorik legebiltzar guztientzako. Erresuma Batuko Parlamentuak 650 legebiltzar ditu, baina 430entzako baino ez dago tokirik. Gainontzekoek aldamenean dagoen gela batetik jarraitu behar dute eztabaida. Borroka beroenetan baino ez daude legebiltzar guztiak Londresen. Normalean interesa duten horiek baino ez dira ganbarara hurbiltzen. Teoriak dio legebiltzarkideak Westminsterren ez daudenean beraien barrutietan daudela hiritarrekin hitz egiteko eta beraien kezkak entzuteko, hurrengo sesioan Parlamentura eramango lituzketenak. Batek zioen bezala, teorian ez dago ezberdintasunik teoria eta praktikaren artean; praktikan, ordea, bai. Baina utz dezagun parlamentu-kideen agendaren azterketa beste egun baterako.

Ipar Irlandako instituzioei dagozkien aldaketa tekniko batzuei buruzko eztabaida ez luke izugarrizko liskarra sortu beharko, eta hortaz ez zen bitxia izan niretzako ganbara erdi hutsik  ikustea telebistan. 30 lagun baino ez zeudela esango nuke. Horietatik erdia bata bestearen aldamenean zegoen, bi edo hiru lerrotan. Hau bai zela arraroa. 430 pertsonentzako gela batean badaude, zergatik eseri hain gertu? Gero jakin nuen arrazoia: Guztiak toki beretik zetozen. Westminster Parlamentuan Ipar Irlandako 18 legebiltzarkide daude. Horietatik 5 Sinn Feineko kideak dira, Westminsterrera ez joateko erabakia hartu dutenak. Ipar Irlandako legebiltzarkide ia guztiak, Sinn Feinekoaz aparte, bata bestearen aldamenean Erresuma Batuko Parlamentuan. A ze irudi bitxia euskaldun batentzako behintzat! (Lastima telebistari argazkirik atera ez izana; Google-en bitartez eskuratutako beste egun batzuetako bi argazki hauekin konformatu beharko gara.)

house of commons nearly empty house of commons nearly fullTelebista piztu nuenean DUP alderdi unionistaren ordezkaria ari zen hizketan. Bere parte-hartzean, ia 40 urteko karrera politikoan zehar Ipar Irlandako “Arazoak” (“The Troubles” eufemismoa betidanik gertatu zait deigarria) nola sentitu zituen azaldu zuen emozioz betetako hitzaldi batean. Bukatu ostean, SDLP alderdi errepublikar moderatuaren ordezkariak hartu zuen hitza, eta bere atzetik Alliance alderdi liberalekoak. Dohaintzak aipatu zituzten denek eta baita erabateko arduraldia politikan, baina elkarrizketa ez zen batere teknikoa izan: legebiltzar kide hauen hitzek pisu emozional handia zeramaten.

Ipar Irlandako legezko ordezkari hauek hitz egin zuten bitartean Westminster erdi hutsik zirauen, Ingalaterrako legebiltzar kontserbadore baten bat, eta Eskoziako laborista eta nazionalista pare bat hutsune haren sakonean erdi galduta zeuden bitartean. Agian Ingalaterra, Eskozia eta Galeseko ordezkariek gai tekniko bati buruzko elkarrizketa aspergarri bat baino ez zuten espero eta hortaz txandapasa egitea erabaki zuten. Jakin izan balute Ipar Irlandako ordezkariek mamizko gaiei buruz hitz egiteko aukera hartuko luketela, seguruenik beste jarrera hartuko zuketen. Hala izan daiteke, zergatik ez, baina itxuraz behintzat herenegun Ipar Irlandako “Arazoek” Westminsterrekin zerikusirik ez zutela zirudien. Eta hura bai izan zela sorpresa niretzako. Imajinatu al dezakegu antzeko irudia Euskal Herriko kasuan?

 

Koldo Casla

@koldo_casla

This entry was posted in EUSKARAZ, Itxaropena and tagged , , , . Bookmark the permalink.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s